XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Garbi dago inorena ere jakin egin beharko duguna, eta jakin ez eze, erabiltzeko gai ere izan egin beharko duguna; baina noiz den, non den eta norekin den erabiliko dugu.

Eta noiz, non, norekin horiek zuzen bereizten dituenak daki ondo euskaraz; ez bateko eta besteko osagaiak noiznahi, nonahi eta nornahirekin nahas-mahasean darabiltzanak.

2. Eskolako euskararen lilura

Bada gurean bestetan ez den berezitasun bat.

Edozein herritan hizkuntza eskolan ikasi duenak, behin maila jakin bat iritsi ondoren jatorrizko hiztunak hartu ohi ditu eredu eta irakasle.

Eta hiztun horiek bere inguruan ez dituenean, dauden lekura joan ohi da bertan egonaldi bat egitera.

Kontua ez da eskolan hizkuntza txarra irakasten dela; kontua da eskoletan hizkuntzaren zati bat baino ez dela irakasten.

Eta delako hizkuntza hori erabiltzen duten jatorrizko hiztunekin hobetu ohi da fonetika eta prosodia, aberastu ohi da lexikoa eta, azken baten, ikasi ohi da hizkuntza bere osotasun eta zabaltasun guztian.

Euskal Herrian, ostera, munduko eskolarik hoberenak ditugu nonbait, zeren behin eskolan agiri edo profil jakin bat lortuz gero, ez dago zer ikasi gehiago.

Eskolako agiria duenak lasai asko egin dezake lan Iparraldean, Bizkaian zein Nafarroan.

Irakaskuntzan dela, leihatila baten herritarrekin hartu-emanetan dela... edozertan jardun dezake eskolako agiria eskuratu duenak.

Arrakasta osoa, benetan, gure eskoletakoa!

Baina gure egoera ez dela batere arrakastatsua ikusiko dugu kalera irten bezain laster.

Zer zirrara eta zer tristura sortzen duen euskara bere osotasunean ezagutzen eta aintzakotzat hartzen ez duen kazetariak euskaldun peto-petoari zer edo zer galdetu eta honek bere euskara ez dela ona eta ez duela hitz egin nahi erantzuteak!

Zer zirrara eta zer tristura sortzen duen euskaldun peto-petoa bulego batera joan eta bertako langile euskaldunarekin erdaraz jarduteak!

Zer zirrara eta zer tristura sortzen duen guraso euskaldun peto-petoa seme-alaben irakasle euskaldunarengana joan eta bien arteko solasa erdaraz izateak!

Eta joan den urteetan zenbat bider ez ote ditugu horrelakoak entzun eta ikusi!

Ezbairik gabe, meritu haundia dauka agiriak eta profilak lortzeak; baina askozaz ere meritu haundiagoa dauka hizkuntzaren bidezko komunikazioa lortzen eta inkomunikazioa saihesten egoki asmatzeak.

ETORKIZUNARI BEGIRA OHAR BATZUK